2011/07/05

4. zirkularra


Estropada:

Bi batel izango dira gure esku (gentilezia: Aitor eta Xebas Leiza), beren arraun eta estrobo eta guzti.

Tripulazio-aldaketak eta, arraun-klubaren pantalanean egingo da. Nahi duenak dutxatzeko eta arropaz aldatzeko aukera izango du hango instalazioetan (gentilezia: Zumaiko Aita Mari Arraun Elkartea).


Zortzi tripulazio direnez, 4 tanda egingo dira semifinalistak aukeratzeko; gero finalistak horien arteko kanporaketak erabakiko ditu.

Marea altua izango dugunez (gentilezia: Rafa), ez da hondoa jotzeko arriskurik izango. Baina natiboek ostiral arratsaldean Urolan bainatzeko aprobetxatzen dutenez, inor ez zauritzearren ibaian gora egingo dugu gure estropada.

Zumaiko zubi handitik irtengo da ibilbidea. Bertatik zintzilik izango dira txikotak (estatxak), patroiak haiei heltzeko (gentilezia: Nahia). Biak igual-igualak izango dira. Irteteko seinalea eman ahala (gentilezia, Manex) askatu beharko du patroiak, ez lehenago.

Ziaboga egiteko buia bana izango dute ontziek. Saiatu: a) nork berea erabiltzen; b) ababorretik hartzen; c) kontrarioa ez abordatzen; d) buelta 180º-koa egiten. Gure trebezia dela eta, epaimahaiak erabaki du onartuko dela ziaboga estriborretik egitea ere (gentilezia: parranda-saila).

Estropada zubi azpitik berriz pasatzean amaituko da. Saiatu posteen artean pasatzen. Patroiaren burua izango da denbora hartzeko erreferentzia.



Beste:

Estropada amaituta, sari-banaketa egingo da, iazko desafioko kirolarien eskutik (gentilezia [ematearena]: Iñaki San Vicente, Saralegi, Aztiria, Estanga). Ez da prentsaurrekorik izango.

Ekitaldia animatzaile eta esatari profesionalek amenizatuko dute eta musika alaiez girotuko dugu (gentilezia: Lorea eta Xabier Azkue). Halaber, etorkizunean estropadan gertatutakoaren fede emango duten dokumentu grafikoak lortzeko, argazkilari/bideolari profesionalak izango dira (gentilezia: Danel eta X. X.).

Oporretan zaudeten gaixo horiek ez duzue zertan galdu behar osapkizuna; zuek ere jarraitu ahal izango duzue estropada, interneten eta zuzenean, streaming bidez (oraindik ez dugu gentilik horretarako, baina zuek lasai).



Afaria:

Sukaldeko eta jaki-kontuak lotuta daude (gentilezia: Waliño eta Nahia).

Hala ere, kontuan izan soziedadean dela (gentilezia: Waliño); alegia, sukaldeaz gain badela beste zereginik: mahaia zerbitzatu, kafeak atera, kopez arduratu, dena bildu eta garbitu...

Zeregin horietarako lehentasuna izango dute arraunean jardun ez dutenek (gentileziarik...?)



Laster arte,

Antolakuntza-batzordeak


PD: inork bere tripulazioaren izena aldatu nahi badu 'Azor', 'Bribon' eta horrelako izen batekin ez jardun, lehenbailehen alda dezala, mesedez.

2011/07/04

Bigarren entrenamendu saioa. Zumaia, 2011.07.01

Aurreikusi bezala (!!!), joan den ostiralean egin genuen Zumaian I. Elhuyar Batel Ikurriñarako bigarren entrenamendu saioa.



Horretarako fundamentu pixkat erakutsi duen tripulazio bakarra Battle Batela izan da (Iñaki San Vicentek, Iker Manterolak, Maddalen Lopez de Lacallek eta Xabier Saralegik osatua), eta bakarrik ibiltzeko eta proba asko egiteko aprobetxatu zuten lehiarik eza. Hainbeste proba, eta hainbesteko lekukorik eza, non ziaboga gero eta estuago egitea bururatu zitzaien eta zubi haundiko lanpernak bildu zituzten ia. Tira, Iñakik behintzat bai.



Manterola jaunak egin zuen patroiarena. Maddalen, berriz, aurreko ibili zen.

Ahalegin sobrehumanoa dela eta, arraunlarietako batek bizkarreko zaintiratua izan zuen, eta zalantza da datorren estropadarako.

Ez zen bainu espontaneorik izan oraingoan.

2011/06/21

Imanolen irudi gehiago


Hori da sinkronizazioa!

Rialtopean



Emakumeen sariak entregatuko dituen morroskoa

2011/06/20

Hemen indigenaren lehen irudiak

Aperitifa besterik ez bada ere, tira. bihar gehiago.



Egilea: Imanol Azkue.

Egilea: Imanol Azkue.

2011/06/18

Lehen entrenamendu-saioa: 2011-06-17

Zumaia, 2011-06-18

Elhuyar I. Batel Estropadarako lehen entrenamendu-saioa jokatu zen bart arratsaldean Zumaian, Urolan gora eta behera (tira, zeharka ere bai). Zenbait tripulaziotako txatalekin beste bi osatu ditugu.


I

Ama Maite Maria (Egiguzu Lagun Zure bitartez... etc.)

Lehendabizikoan (Ama Maite Maria Egiguzu Lagun, Zure Bitartez Onik Bukatu Dezagun) hainbat aproba egin ziren arraunlari bakoitzak zer postutan jardun behar zuen ikusteko. Ezer argi ikusi zuen bakarra Ana izan zen, baina ez non jardun behar zuen, baizik eta non ez zuen jardun behar: patroi moduan alajaina.

Dena dela, ziaboga apartak egin zituen eta zubien posteak ezin hobeto saihestu zituen. Pentsatu! Han genbiltzala indigena batek argazki batzuk egin zizkigun lehorretik. Saiatuko gara Kaixo! aldizkariari saldu aurretik kontaktatzen eta irudi horiek eskaintzen.

Lehen batel honetan Teknikaren Jabe bat, MAMAJOJO bat (MA, hain zuzen) eta Aholkularitzako Sine Nomineetako bat aritu ziren.




II


Hurrena Battle Batelakoak saltatu zuten eta koordinazioa hobexeagoa zutela erakutsi ziguten. Bidenabar, JAKIN BEZA OROK, tripulazio bakoitzeko lehen gizonezkoak patroi ibili beharko duela. Gero gerokoak. Alegia: ez du balio hiru gizonek arraunean egitea eta emakume bakarrak patroi moduan jardun. Ex, ex, ex...! Arau honek tripulazio guzti-guztientzat balio du.

Erreparatu zer Cohibas puska erre behar duen Ikerrek!

Azkenik, entrenamendua amaituta, arraunlarietako batek sekulako bainua hartu zuen. Tamalez, argazkilaria une hartan okupatuta zegoen eta ez dago irudirik (non eta lehengo indigenak berak egin ez bazizkion...).

Parte-hartzaile guztiak bat etorri ziren estropadari begira aperitiboa oso ondo etorri zaiela eta kriston egurra emango dutela adieraztean. Ikusiko dugu...

Eskaera ikusita, agian bigarren saio bat antolatuko da.

Jarraitzaileak